Dagoeneko hasi da Aretxabaletako hondakinen bilketa sistema berrirako txartel banaketa

2016/09/20

Aretxabaletako edukiontzi berriak herriko 30 gune ezberdinetan jarriko dira eta organiko eta errefusaren edukiontziak ireki ahal izateko txartelak, atzo hasi eta ostirala bitartean (irailaren 19tik 23ra) banatuko dira Sta. Rita Komentua zen eraikuntzan. Banaketaren ordutegia 10:00-13:00 eta 16:00-19:00 izango da eta organiko eta errefusaren edukiontzien txartelak banatzeaz gain, bakoitzari egokitutako puntuari buruzko informazioa ere emango zaio.

Banaketa zonaldeka egingo da eta atarietan jarriko diren bandoen bitartez jakinaraziko zaie herritarrei zein egunetan tokatzen zaien txartelen bila joatea; ostalari eta dendarie berriz, bandoa eskura emango zaie. Norbaitek ezin izango balu joan egokitutako egunean, behin beraren eguna pasa ondoren (eta ostirala bitartean) pasa daiteke Sta. Rita Komentutik; edo data horretatik aurrera balitz, Durana kaleko informazio bulegora joan beharko litzateke.

Guztira 3.324 erabiltzaile daude txartelaren bila deituak, eta beste herriekin alderatuta, aldaketa bat ere badago, izan ere komertzio eta ostalariek ere jasoko dute txartela.